Egilea: Anne Fernandez
Testuingurua: klima-aldaketa
Lurraren eboluzioan zehar aldaketa klimatiko ezberdinak gertatu dira, aldi bakoitzean jatorri, ezaugarri eta eragin ezberdinak eman direlarik. Aurreko aldaketa klimatikoak modu guztiz naturalean igaro ziren bitartean, milaka urteko prozesuak osatuz, gure aldiko aldaketa klimatikoa askoz ere abiadura eta intentsitate handiagoan ematen ari da gizakion bizimoduaren eraginez.
Muturreko tenperaturak, fenomeno meteorologiko bortitzak, itsas-mailaren igoera, ur eta elikagai eskasia, biodibertsi- tatearen galera etab. dira gaur egun munduan zehar ematen ari diren egoerak. Hala ere, aldaketa klimatiko honek izango dituen eraginak murrizteko denbora badago, maila globalean eta indibidualean neurri egokiak hartuz gero.
Artea eta ekologismoa
Arteak, kritika egiteko, eztabaidak sortzeko eta gizartearen kopuru handi batengana iristeko ahalmena du; ezaugarri horiek dira, hain zuzen, aproposa egiten dutenak aldaketa klimatikoa salatzeko. Horregatik, gero eta artista gehiagok euren lanaren bidez klima-aldaketaren eta iraunkortasunaren inguruko problematika agerian uzten dute. Gurekin partekatzen dute euren begirada, eta aukera ematen digute beren obra tresna gisa erabiltzeko, hainbat arlotan eztabaida bat eraikitzeko. Hona hemen adibide batzuk:
Olafur Eliasson: Ice Watch, 2014
Artista islandiar honen ibilbidea naturarekin lotuta dago duela zenbait urtetatik. Ice Watch, «Izotzezko erlojua» (2014), Groenlandiako izotz geruza batetik banandutako izeberg zatiekin dago eraikia, berotegi efektuaren ondorioak ikustaraziz eta klima-aldaketaren gainean jarduteko premiari buruzko metafora eginez.
Nick Brandt, Inherit the dust, 2011
Animalia basatietan aditua den argazkilari britainiarrak sortzen dituen irudiak betiko geratzen dira ikusten dituenaren erretinan.
Inherit the dust (2011) edo “Hautsa oinordetzan jaso” seriean ugaztun handien benetako tamainako panelak kokatzen ditu, urte batzuk lehenago bere habitat naturalean argazkiak atera zizkienak. Gizakiak leku horiek berak suntsitu ditu, eta sabana zegoen tokian orain zabortegiak, fabrikak edo megaziuneen bazterrak ikusten ditugu.
Yao Lu, The beauty of Kunming, 2010
Yao Luren lan honen izenburua The beauty of Kunming paradoxa bat da, irudi osora estrapolatu daitekeena. Hasiera batean paisaia idealizatu edo bukolikoa iruditzen zaiguna, bigarren begirada batean benetan zer den erakusten zaigu: plastikoa, zikinkeria eta kea.
Txinako hiritartze izugarria eta zementuak bakarrik lekua duen hirien eraikuntza etengabeak dira artista txinatar honen obraren zergatiak. Yao Luk bere herrialdeko pintura tradizionalaren estetika hartzen du maileguan, modernizazioaren eta egungo sistema ekonomikoaren benetako kostuaz gogoeta eginarazten diguten paisaia apokaliptiko boteretsu horiek sortzeko.
Agnes Denes, Living Pyramid, 2015
Land Art mugimenduaren aitzindaria den artista honek 60ko hamarkadaz geroztik aldarrikatu du ingurumenaren gaia bere pieza eta instalazioetan.
Bere obrarik ikonikoena New York hiriaren erdi-erdian landatu zuen galsoroa da. Wheat field: A confrontation (1982) edo euskaraz “Gari-soroa: liskarra” garai hartako elikadura-politikak eta gosearen edo arazo ekologikoen ahanztura salatzeko modu bikaina izan zen.
83 urterekin, Living Pyramid (2015) egin du, New Yorkeko Socrates Sculpture Parkean instalatutako lorategi zintzilikatuen piramidea.
Mandy Barker, Hong Kong Soup, 1826, 2015
Artista honek, Hong Kong eta inguruetako 30 hondartzetatik plastikozko hondakinak bildu zituen hiru urtez, 2015era arte. Gero, bere estudiora eraman eta fondo beltz baten gainean ipiniz argazkitu ditu, photoshoparen laguntzaz, obra hau sortzeko. Hong Kong Soup: 1826 izena jarri zion serie honi, egunero zabortegietara botatzen ziren 1.826 plastiko tonari erreferentzia eginez.
Irudi horiek xehetasunez aztertuz gero, elementu bakoitza hondakin plastikoak direla ikus daiteke, nahiz eta argazkiaren itxura estetikoaren azpian ezkutatu. Bere lanaren helburua itsasoko kutsadura plastikoaren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientzia publikoa areagotzea da, informazioa irudi bidez modu eskuragarrian aurkeztuz, plastikoen gehiegizko kontsumoari eta horren ondorio kaltegarriei buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko.
Daniela Naomi Molnar, New Earth, 2022
New Earth (2022) edo Lur Berria, hogeita hamar koadro inguruko multzo bat da. Hood mendian Eliot glaziarraren time-lapse irudiak ikusteak inspiratu zuen pintatzen hasteko, izan ere, glaziarraren etengabeko murrizketak eta gainbehera horren dokumentazioak atentzioa eman zion. Klima-aldaketari buruzko arreta piztea eta gai abstraktu bati forma ematea zen bere helburua.
Serie hontako koadro bakoitzean, forma malkartsuak gainjartzen dira kolore delikatuetan, NASAren satelite-irudietatik zehatz-mehatz ateratako marrak. Glaziarrak urtzen direnean, agerian geratzen dira Molnarrek zauriekin alderatzen dituen lur lehorreko zatiak. Pigmentu naturalak erabiltzen ditu akuarelak egiteko, hala nola: altze-hezurrak, baiak, adreiluak, etab.
Jardueraren argazki batzuk
Deja una respuesta